eu
Bilboko Alde Zaharra: bere historia, sekretuak eta bitxikeriak ezagutzeko bidai batren argazkia

Bilboko Alde Zaharra hiriaren arima da, bazter bakoitzean barna galtzeko lekua. Galtzada-harriz hornitutako kaleak hainbat mendeko historiaren lekuko izan dira, Erdi Aroko jatorritik gaur egungo bizitzaz beteriko auzo bilakatzeraino. Hemen historiak, kulturak, gastronomiak eta bizitza onak bat egiten dute, bertan galdu eta gozatzeko gonbitea egiten duen giro paregabea sortuz.

XIV. mendean sortu zen merkataritza-portu estrategiko gisa, bere Zazpi Kaleak hedatuta, oraindik jatorrizko trazatua mantentzen dutenak. Mendez mende sute, uholde eta gerrateei aurre egin die, egoera bakoitzera egokituz, purutasunik galdu gabe. Gaur egun, tradizioa eta modernitatea elkarrekin bizi dira eraikin historikoen, Erriberako merkatu zalapartatsuaren eta pintxo-potea ia erlijiozko erritu bilakatu duten tabernen artean. Bertan galtzea da benetako Bilbo ezagutzeko modurik onena.

Beraz, Bilbo bisitatzen baduzu, Alde zaharra ezin da zure zerrendatik at egon. Txoko bakoitzak du kontatzeko istorio bat, animatzen zara gehiago jakitera?

Historia apur bat

Bilbo 1300. urtean sortu zuen Diego Lopez de Haro jaunak, Bizkaiko jauntxoak. Hark herribildu bat finkatu zuen itsasadarraren ertzean, merkataritzarako ezin hobea. Herribildu hura zazpi kale nagusiren inguruan sortu zen (Goienkale, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zahar, Barrenkale eta Barrenkale Barrena), hiriko merkataritzaren eta artisautzaren muina, non beste lanbide batzuetako jendeen artean, merkatari, zapatari, arrantzale, artisau edota errementariak joan-etorrian ibiltzen baitziren. Guztiak hara eta hona ibiltzen ziren negozioak eginez, tabernetan ardoa eta janari ona zerbitzatzen zuten bitartean.

XV eta XVI. mendeetan zehar elizak, jauregiak eta plazak eraikitzen hasi ziren. Horrela, Bilbo mugimendu handiko merkataritza-hiri garrantzitsu gisa sendotu zen. Mendez mende Bilboko Alde Zaharrak sute, gerrate eta uholdeei egin die aurre, baina beti jakin izan du egoera bakoitzera egokitzen. Gaur egun, bizitasun handiko zonaldea da, pintxo ikusgarriak dituzten tabernaz, denda xarmagarriz eta historiaz beteriko kalez betea.

Bilboko Alde Zaharreko zenbait bitxikeria

  • “Zazpi Kaleak”, historiadun izena

Bilbo zazpi kalek osatutako gune txiki baten inguruan sortu zelako hartu zuen bere izena Alde Zaharrak: Goienkale, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zahar, Barrenkale eta Barrenkale Barrena. Kale horiek ziren merkataritzaren eta lanbideen arima Erdi Aroan, eta izen horietako zenbaitzuek oraindik haietan zer zegoen esaten digute. Adibidez, Dendarikale ehun-dendez beterik zegoen, Artekalen artisauek egiten zuten lan, eta Harategi Zaharrean haragia saltzen zuten.

💡 Bazenekien kaleen diseinu horrek oraindik erdi aroko trazadura mantentzen duela? Kale horietan ibiltzea mendez mende idatzitako historian murgiltzea da.

  • San Anton zubia: Bilbo bera baino zubi zaharragoa

Ziurrenera ezagutuko duzu San Anton zubia, Bilboko zaharrena, baina badakizu zein den bere benetako historia eta zer eragin izan duen hiriaren bilakaeran? Hemen Bilboko ikur enblematiko horri buruzko 5 bitxikeria dituzu.

  • Murru zaharrari buruzko historia laburra 

1334 inguruan, Bilbon harrizko murru ikusgarri bat eraikitzen hasi ziren: kilometro bateko luzera eta 6 metroko altuera, Goienkaletik Barrenkale Barrenara arte. Barruan itzal handieneko familiak, beren jauregiak, dendak eta Katedrala babestuta geratzen ziren. Kanpoan, landa kutsuko giroa nagusitzen zen, Pilota, Txakur, Loteria, Erronda eta Santos Juanes kaleek paisaia beztitzen zutelarik. Denborarekin hiria hazi egin zen, eta funtsezko merkataritza-portu bilakatu zen.

Batzuk diotenez, murrua 1571eko sutearen ondoren eraitsi zuten. Baina egiaz gainean etxeak eraikitzeko aprobetxatu zuten pixkanaka, eta dirudienez, XVIII. mendera artea zutik mantendu zen. Oraindik badira hura han izan zela gogorarazten duten arrastoak. Esate baterako, Erronda kaleko 13 zenbakian dauden bi fatxadetan murrua eraikinetako parte zela ikus daiteke. Halaber, arrasto esanguratsuak daude San Antonen zorupean eta Hirutasun guztiz sainduaren horma-hobi bat Artekalen. Horixe da han lekutzen zen murruko ateaz geratzen den bakarra.

Bere ondareak bizirik jarraitzen du Alde Zaharreko bi kaleen izenetan. Bata Pilota Kalea da, izan ere, murrua eraitsi ostean, Bilboko jendeak hormaren arrastoak pilotaleku modura erabili zuen pilotan jokatzeko, eta horregatik du izen hori. Bestea Erronda kalea da, soldaduek murruan egiten zituzten zainketa-txandak, errondak, gogora dakartzana. Berez, Erronda kalea Bilboko kale ilunena izateagatik da ezagun.

💡 Bazenekien Miguel de Unamuno Erronda kalean jaio zela? Idazle ospetsu horren bustoa aurki dezakezu Unamuno plazan, metroaren alboan.

  • Plaza Berria: Historia eta Pintxoak

Bilboko Plaza Berria da Alde Zaharreko bizitza sozialaren arima. XIX. mendean eraiki zuten eta leku bikaina da bertako terrazetako batean kafe bat edo pintxo bat hartuz erlaxatzeko, bertako giroarekin eta inguratzen duen arkitektura neoklasikoarekin gozatzen duzun bitartean. Domeketan, plazak bizitasun handia hartzen du azoka txiki batekin. Bertan orotariko gailuak aurki ditzakezu, adibidez, antigoaleko gauzak edota biniloak.

Antzina, plazan zezenketak, azokak eta, are, Inkisizio Sainduaren epaiketak egiten ziren. Zorionez, orain pintxoak baino ez dira epaitzen.

💡Amadeo de Saboyak 1871n egindako bisitari buruz bada anekdota bitxi bat: plaza urez bete zen goraino, erregea gusturago sentitu zedin, Veneziako kanaletan bezala, gondolekin eta bilbotar zenbait gondolari modura jantzita. Bilbainada itzela!

    • Areatza: Portu natural izatetik hiriko parke zaharrena izatera

Antzina, Areatza, izenak adierazten duen eran, hondartza zen, Bilboko herribildutik kanpo, murruetatik harago, zegoen zingira-lekua. Arrantzaleen auzoa zen, area-eremu batean kokatuta, eta Nerbioi Ibaiaren sarreran ontziraleku modura erabiltzen zen. Portu natural haren garrantzia areagotzen joan zen, eta ontziak bertan porturatzen ziren salgaiak deskargatzeko. Urteen poderioz, Bilbo hazten joan zen eta Areatza bilbotarrentzat txangoak egiteko leku bilakatu zen. Horregatik, hiriko parke zaharrena dela esaten da.

Gaur egun, Areatza giro biziko lekua da, paseoan ibili eta Bilboko giroarekin gozatzeko ezin hobea. Bertan dago San Nikolas eliza, bere izena daraman metroko sarreraren alboan. Ziur ezagutzen duzula, baina badakizu istorio interesgarria gordetzen duela? Artikulu honetan eliza ikusgarri horri buruzko guztia aipatzen dugu.

  • Santiagoko Katedrala 

XV. mendeko harribitxi gotiko hori Done Jakue Bideko puntu gakoetako bat da, eta derrigorrezko geldialdia Bilbo bisitatu behar baduzu. Bere xehetasun arkitektonikoekin berbarik gabe geratuko zara. Bere barnealde gotikoa eta zertzeladaz beteriko portada ezagutzea merezi duten harribitxia dira.

💡 Bazenekien Alde Zaharreko eraikin zaharrena dela? Gezurra badirudi ere, Alde Zaharreko eraikin zaharrena ez da taberna bat, etxe bat edo jauregi bat.

  • Arriaga antzokia, Parisi keinua

Alde Zaharraren sarreran lekutzen den Arriaga Antzokia 1890ean inauguratu zen, eta Pariseko Opera entzutetsuak inspiratuta dago. Juan Crisostomo de Arriagaren izena darama, talentu handiko konpositore bilbotarra, “Mozart espainiarra” ezizenez ezaguna.

Eraikin zinez ikusgarria da, eta merezi du bisita egiteak. Eta aukera baldin baduzu, ez galdu: sartu antzezlanen bat ikustera.

💡Ah, eta Goienkaleko 12. zenbakitik igarotzen bazara, bilatu Arriaga musikari gaztearen omenezko plaka.

Arriaga Antzokia

    • “Poteoa” oso aztura bilbotarra 

“Poteo” ezagunak, tabernaz taberna kuadrillan “pote” bat (ardoa edo zuritoa) hartzeko ohitura horrek, Alde Zaharrean du jatorria. Bilbotarrak duela zenbait mende hasi ziren egiten, eta gaur egun erritual sakratua da oraindik; asteburuetan bereziki.

Aztura horren ondorioz sortu ziren “txikiteroak”, pintxo batekin lagunduta zerbait hartzeaz gain, abesti herrikoiak abesten dituztenak, oso giro berezia sortuz. Izena antzina ardoak hartzeko erabiltzen ziren ipurdi gizeneko edalontzitik, “txikito” izenekotik, dator.

Ardoak edanez zazpi kaleak zeharkatzen dituzten kuadrillen (txikiteroak) artean, errondak ordaindu ostean, soberan geratzen diren txanponak txikiteroen itsulapikora botatzeko ohitura dago. Txikiteroen Festaren egunez, itsulapikoa ireki eta dirua dohaintzan ematen zaie ongintzako erakundeei.

💡 Bazenekien  Txikiteroen Itsulapikoak Begoñako Amatxuren harrizko eskultura bat gordetzen duela, eskuan txikito-edalontzi tipikoa eutsiz? Andre Maria kalean aurkituko duzu, Burtsako eraikinaren alboan. Eta lurrera begiratzen baduzu, izar bat ikusiko duzu, Begoñako Basilika ikusteko aukera ematen duen Alde Zaharreko puntu bakarra adieraziz.

    • Erriberako merkatua

Erriberako azoka, Europako handienetakoa, itsasadarraren alboan dago, eta Bilbon bazaude, galdu ezin duzun lekua da. Bertako produktu freskoz beteriko postu ugari aurkitzeaz gain, tokiko gastronomiarekin gozatzeko aukera izango duzu ostalaritzako edozein establezimendutan.

💡Antzina, zonaldean azoka flotatzailea zegoen, eta merkatariek ontzietatik saltzen zituzten beren produktuak.

Erriberako merkatua

Bilboko Alde Zaharra ezinbestekoa da Bilbo Bizkaira egiten duzun bisitan. Bai lehen aldiz etorrita, bai bertakoa bazara, beti eskainiko dizu berritasunen bat historiaz eta energiaz beteriko leku horrek. Egun euritsuetan ere, Alde Zaharrak badu zerbait berezia, eta beste bilbotar baten moduan gozatu ahal izango duzu.

Eman izena gure newsletterrean