Bilbora asteburu pasa etorriko zara eta ez duzu ezer galdu nahi? Bizkaiko hiriburuko onena azpimarratuko dizugu, kulturaren, gastronomiaren eta aisiaren onena, eta dena artikulu batean!
Bilbokoa bezain eskaintza zabala duen hiri batean egoteko denbora gutxi dagoenean, derrigorrezkoa da ezinbesteko puntu guztien berri izatea. Horrela, etxera itzultzean, hiriaren funtsa ezagutu duzun sentsazioa izango duzu.
Bilbon derrigorrez ikusi beharrekoak
Bilbon turismoa egiten duzunean, badaude derrigorrez ezagutu beharreko zenbait leku. Batzuk ezagunak irudituko zaizkizu; izan ere, ziur gaude haietako askok erakarri zaituztela Bilbora.
Areatza
Arriaga antzokitik Bilboko udaletxeraino, Areatza Bilboko tokirik bizienetako bat da. Asteburuetan, elkartzeko aukeratzen dute bilbotar askok, eta, igandero, lore-azoka egiten da. Igande goizean Areatzan Bilboko itsasadarraren ondoan paseoan ibiltzea Bizkaiko hiriburuak denon eskura jartzen dituen plazeretako bat da.
Abandoibarrako paseoa eta Guggenheim Museoa
Bilboko eremurik modernoena da. Han egindako aldaketa sakonari esker, Bilbok gainetik kendu du hiri gris eta industriala izatearen ospe txarra, eta nazioarte-mailako erreferentzia da gaur egun, sormena eta berrikuntza direla eta.
Paseoa Udaletxeko zubian hasi eta Euskalduna jauregiraino iristen da. Ibilbide osoan, Bilboko arkitektura-obrarik garrantzitsuenetako batzuk ikusteko parada izango duzu.
Udaletxeko zubitik metro gutxitara, Zubizuri zubia aurkituko duzu. Calatravaren zubi ere deritzo, Santiago Calatrava arkitektoak egin baitzuen. Zubiaren ondoan, Isozaki Atea ikusiko duzu, Isozaki Dorreak Calatravaren zubiarekin lotzen dituen etxebizitza-multzoa, Arata Isozaki japoniar arkitektoak egina.
Bidean aurrera eginez gero, Guggenheim Museora eta Bizkaia plazara iritsiko zara. Handik, itsasadarraren beste aldean, Deustuko Unibertsitatea ikusiz gozatu ahal izango duzu.
Alde Zaharra eta Erriberako Merkatua
Bilboko Alde Zaharrak eta hartako zazpi kaleek zerrenda honetan behar zuten. Askoren iritziz, Bilboko lekurik xarmagarriena da Alde Zaharra. Asteburuetan, ehunka bilbotar biltzen dira kale horietan, txikiteoan ibiltzeko eta pintxo batzuk jateko. Ez dio ardura zer ordutan hurbiltzen zaren Alde Zaharrera; beti aurkituko duzu Bilboko zure bisitan ordu batzuk emateko giro atsegina.
Ibil zaitez Bilboko Alde Zaharreko kaleetan barrena, joan zaitez Plaza Berrira eta Unamuno plazara, eta hurbildu zaitez duela gutxi berritutako Erriberako Merkatura.
Alde Zaharreko pintxoak dastatu nahi badituzu, bota begiratu bat gure webguneko Bilbon non jan atalari.
Bilboko Kale Nagusia
Hirian jende gehien ibiltzen den tokietako bat Kale Nagusia da.Saltoki gehien biltzen dituen kalea da.Asteburua Bilbon ematen duzun bitartean erosketaren bat egin nahi baduzu, Kale Nagusia aproposa da.
Dendarik dendara, eraikin edo esparru bereziak ikusiko dituzu, hala nola Aldundiaren eraikina eta Moyua plaza, askoren ustez hiriko zentro geografikoa.
Bilboko Kale Nagusia Plaza Biribilean hasten da, Abandon, trenez etortzea erabaki dutenen helduera-geltokiaren ondoan, eta Bihotz Sakratu plazan amaitzen da. Plaza horren ondoan, Doña Casilda parkea dago, naturaren erdian atseden hartzeko leku ezin hobea, eta, ostean Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatu nahi baduzu, bertan daukazu.
San Mames eta Pozas kalea
Azkenik, bilbotar batek sentitzen duena benetan sentitu eta etxera Botxoko arimarekin itzuli nahi baduzu, ez dago hoberik partidu-egun batean San Mamesen inguruan eta Pozas kale ezagunean ibiltzea baino. Den-denek ezagutzen dute Bilboko futbol-taldea, Athletic Club, eta ez zara estadiotik hurbileko tabernetako giroaz konturatu gabe ibiliko. Gainera, estadio berria egin zutenetik, merezi du hiriko toki hori ezagutzea, zelaiaren neurriak eta egitura modernoa direla eta.
Beste zerbaiterako gogorik bai? Orain, erraz daukazu: Bilbon zer asteburutan joan erabaki behar duzu, besterik ez. Bilatu Bilbon non egin lo eta non jan Disfruta Bizkaia webgunean, eta prestatu zure bidaia Botxora.
Utzi erantzuna