Udazkena ezin hobea da eguneko irteerak eta planak egiteko. Argi-orduak gutxitzen badira ere, udazkeneko koloreek gure paisaiak betetzen dituzte, eta ez dago Bizkaian paseoan ibiltzeko edo mendi-ibiliak egiteko gonbidapen erakargarriagorik. Orobat, haurrekin planak egiteko edo bisitak antolatzeko garaia ere bada, neguko hotzarekin batera nagitasuna nagusitu aurretik.
Hemen, Bizkaian udazken honetan galdu ezin dituzun plan-proposamen batzuk doazkizu, baina jakinaren gainean ipini nahi zaitugu: Izugarri gustatuko zaizkizu eta edozein urtarotan egin nahiko dituzu!
Paseatu Zugaztietan eta indarberritu indaba-jan batekin
Zugaztieta Trapagarango meatze-herri zahar bat da, sekulako paisaiak dituena. Hain zuzen, urmael artifizial bihurtutako burdin meategi zaharren artean paseatzea da Zugaztietan egin daitekeen ekintzetako bat. Gainera, Zugaztieta bertako jatetxeengatik ere egin da ospetsu. Eskualdeko gastronomia dasta dezakezu haietan, baina bereziki gomendagarriak dira Bizkaian indaba-janak egiteko.
Nola iritsi Zugaztietara
Bisitari gehienek autoa aukeratzen dute; izan ere, aparkaleku zabala dago herrian. Dena den, guk gomendatzen dizuegu Larrainetako funikularra erabiltzea, batik bat planak haurrekin egin nahi dituzuenei. Meatze-jardueraren garaien, oso erabilia izan zen funikularra. Gaur egun, Bilboko Abraren ikuspegi ederrak ikusteko aukera ematen du.
Bilbotik Trapagarango Larrainetako funikularreraino iristeko, autoa erabil dezakezue, baina autobusak eta Renferen trenak ere badaude. Gora iristean, Larrainetatik meatze-herrira joateko, kilometro inguruko ibilalditxoa daukagu.
Gero, askotariko aukerak daude: Mendi-ibili bat egin dezakezue, eta Peñas Negras Interpretazio Zentroa ikusi edo urmaelen arteko bidezidorretan lasai-lasai paseatu, haurrek aire zabaleko eskulturak edo bazkan dauden behiak edo zaldiak ikusten dituzten bitartean.
Hain kirolzaleak ez zaretenok ez duzue kezkatu beharri: zerbait har dezakezue meatze-herri bitxi horretako jatetxeen terrazetan, Zugaztietako indaba famatuak jatera joan aurretik.
Egin mendi-ibili bat Nerbioi ibaiaren jauziaren begiratokiraino
Kirola, natura eta paisaia uztartzen dituzten jarduerak maite badituzue, Urduñan, mendi-ibiliak egiteko aukera aurkituko dituzue, esaterako Txarlazo mendiaren gailurrera edo Delikako arroilara joateko. Gaur, Nerbioiren behatokia joatea erabakiko dugu, Nerbioi ibaiaren jauzi ikusgarriari begira gozatzeko.
Nerbioi ibaia haren ur-emariak Bilbori bizia ematen diolako da ezaguna, baina Urduñako mendatetik hurbil jaiotzen da.Badago Delikako haitzartetik pasatzen den mendi-ibili eder bat, 270 metroko altuera duen ur-jauzi batean amaitzen dena: Nerbioi ibaiaren ur-jauzian, hain zuzen ere.
Mirari natural hori ikusiz gozatzeko lekurik onena Nerbioi ibaiaren ur-jauziko begiratokia da. Urduñako mendatean eraikitako begiratoki honek hitzik gabe utziko zaitu. Dena den, badago naturaren fenomeno horretaz gozatzeko beste modu bat ere: 7 km-ko ibilbide bat dago, arroilaren beheko partetik igarotzen dena.
Nola iritsi Nerbioi ibaiaren ur-jauziko begiratokira
Nerbioiaren ur-jauzira iristea erraza da, eta seinaleztapena oso ona da. Urduñatik Miranda de Ebrora doan A2625 errepidetik Urduñako mendatea pasatu ostean, aparkatzeko eremu bat aurkituko duzue. Kotxea uzteko hiru eremu daude, Nerbioi ibaiaren ur-jauzitik gero eta hurbilago. Bertatik ordubete inguruko ibilia egin behar da bide batetik, begiratokira heldu arte.
Ibili baso magiko batean zehar
Gorbeiako Parke Naturalean, Barazarko mendatetik eta Zeanuritik hurbil, Otzarretako pagadia aurkituko duzue, ehun urtetik gorako pagoen adar bitxien azpian paseatzera gonbidatzen duen inguru magiko bat. Izan ere, beste pagadi batzuetan ez bezala, Otzarretako pagadiko pagoen adarrak bertikalki hazten dira, zeruaren bila. Antzina, ikatzerako egurra lortzeko inausten zituzten zuhaitz horiek.
Udazkena, orduko kolore-sorta ederra lagun, pagadian ibiltzeko eta bertako magiaz bustitzeko urtarorik onena da.
Mendi-ibiliak egitea gustuko baduzue, 15 kilometroko eta zailtasun ertaineko ibilbide bat egin daiteke.
Bizkaiko museoak
Gure webguneko Zer egin atalean, Bizkaiko museorik ospetsuenei buruzko informazioa aurkituko duzue: Bilboko Arte Ederren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa.
Dagoeneko ezagutzen badituzue, beste hainbat aukera daude, Bizkaian udazkeneko arratsalde euritsu on bat emateko museo asko baitaude. Bi museo ezezagun handi proposatzen dizkizuegu. Harritu egingo zaituztete. Hauek dira:
Euskadiko Meatzaritza Museoa, Gallartan:
Euskadiko eta, batik bat, Bizkaiko meatze-eskualdeko kultura eta historia aztertzeko eta zabaltzeko zentro bat.Familian bisitatzeko moduko museo bat.
Autoz joan nahi baduzue, hartu Gallartarako irteera A8 autobidean, eta jarraitu museoaren seinaleei, besterik ez. Trena aukeratzen baduzue, Bilbotik, Renferen aldiriko C2 lineako trenak eramango zaituzte.Sarreraren prezioa 3 eurokoa da.
Euskal Museoa, Bilboko Alde Zaharrean:
Museo horretan, Euskal Herriko eguneroko bizitzako hainbat alderdirekin lotutako 20.000 objektu baino gehiago daude. Leku ezin hobea da gure kultura- eta arte-ondarearen berri jakiteko.Mikeldiren eskultura eta Bizkaiko maketa derrigorrez ikusi beharrekoak dira.
Bilboko Unamuno plazan dago, eta sarrerak 3 euro balio du.
Bizkaian udazken honetan egin ditzakezun plan batzuk dira horiek, baina beste hainbat dituzu: Gastronomia, kultura, artea, paisaiak, kostaldeko herriak, barnealdeko herriak… Planez betetako udazken bat opa dizuegu, Bizkaiko edertasunarekin eta gastronomiarekin gozatzeko aukera izan dezazuen.
Aurkitu non jan, zer egin, eta non egin lo Bizkaian Disfruta Bizkaia webgunean
Utzi erantzuna