San Nikolas elizak Bilboko Areatzako paisaiako elementu nagusietako bat da. Hain ohituta gaude eraikin hori ikusten, ez baitugu aintzat hartzen elizak eta kokapenak berak ezkutatzen duten historia. 

Batzuentzat, eliza Aste Nagusiko txosnen atzealdeko irudia da. Beste batzuek izen bereko metro-geltokiarekin erlazionatzen dute. Hala ere, oso gutxik dakite zer-nolako erlazioa duen elizak itsasoarekin eta Bilboren hazkundearekin. 

Haren iragana eta zenbait bitxikeria ezagutu nahi dituzue? San Nikolas elizari buruzko 10 datu interesgarri bildu ditugu zuentzat: 

1. Has gaitezen lekuarekin. Gaur egun hain ospetsua den Areatzako pasealekua inguru zingiratsu bat zen eta Bilbo hiribildutik kanpo zegoen. Arrantzale-auzo bat izan zen eta ontziraleku gisa erabiltzen zen harea-esparru batean zegoen, Ibaizabal itsasadarraren ur-sarreraren ondoan… Eta, hortik, bigarren bitxikeria ondoriozta dezakegu. 

2. Gaur egungo San Nikolas eliza Erdi Aroko ermita zahar batean gainean dago. Bertako arrantzaleek eraiki zuten ermita, euren zaindari San Nikolas Barikoaren omenez.Biztanle-kopuruak gora egiten zuenez, jatorrizko ermita hura handitu zuten; haren gainean, Bilbo hiribilduko laugarren parrokia egin zuten, baina 1553ko uholde batzuek guztiz suntsitu zuten. 

3. Arrantzaleek hainbeste maite zuten eliza haren ondoan, hareatzan, Bilbo hiribilduko jatorrizko ontzioletako bat sortu zen, eta, haren inguruan, kai, biltegi eta lantegiak. Beraz, San Nikolas elizak oso lotura estua izan zuen Bilboko historiako eta bilakaerako jarduerarik garrantzitsuenetako batekin. 

4. Ezin besterik izan eta, historian zehar, San Nikolasen nabigatzaileak elkartzen ziren itsasoratu aurretik. 

5. Egungo San Nikolas Barikoaren eliza 1756an amaitu zuten; eraikin barrokoa da. Elizaren elementurik ezagunena fatxada da; brontzezko erliebe bat du, eta dorre bana aldeetan. Hala ere, pertsona gehienek ez diete elizaren arkitekturaren beste xehetasun batzuei erreparatu: gurutze grekoko oinplanoa du karratu baten barruan, eta kupula oktogonal batek estaltzen du. 

6. Bizkaiko Batzar Nagusiek eliza hori aukeratu zuten 1812an Cadizko Konstituzio Liberala sinatzeko. 

7. 1816an, tximista batek jo zuen San Nikolas eliza. 

8. Karlistadetan, munizio-biltegia eta balak egiteko galdategia izan zen. 

9. Bilboko San Nikolas elizaren egungo eraikina Gangurengo (Galdakao) harlandua erabiliz egin zen, eta, fatxadan, Bilboko armarria du. 

10. Barruan, Juan Mena imajinagin eta eskultorearen hainbat eskultura daude. Besteak beste, Neptunoren eskultura ere egin zuen, Madrilgo izen bereko iturri ospetsukoa. 

Eta hemen amaitzen da Bilboko San Nikolas elizari eta Areatzako pasealekuari egin diegun omenaldi txiki hau; Bilboren eta bertako jendearen eta bizimoduaren jatorriaren eta bilakaeraren lekuko mutuak izan direnei. 

Orain, Bilboko Areatzan paseoan zaudetela San Nikolas eliza ikusten duzuenean, beste ikuspegi batekin begiratuko diozue, eta, beharbada, barrutik ere ikusi nahi izango duzue. 

qué-ver-hacer-rutas-gastronómicas-Bizkaia

Disfruta Bizkaia, aisia, turismo eta gastronomia planik onenak.

Related Posts

Categoría: Gozatu Bizkaia, Tradizioak, Turismoa