Bilbotar orok “San Blas Kordoia” jartzen du lepoan, urtero, otsailaren 3an, baina badakizue nondik datorren tradizio hori?

Otsailaren 3an San Blas eguna ospatzen da. Mediku eta apezpiku horri egozten zaio eztarriko gaitzak sendatzeko miraria, haur bat arrain hezur batekin trabatuta hiltzetik salbatu zuen eta.

Horregatik, Bilbon, San Blas egunean, “San Blas Kordoia” erosteko ohitura sortu zen, eta, San Nikolas elizan dagoen santuaren irudiaren aurrean bedeinkatu ondoren, lepoaren inguruan jartzekoa, eztarriko gaitzetatik babesteko.

San Blas Kordoia tradizioak agintzen duen eran jartzea:

“San Blas Kordoiak” urte osoan zehar funtzionatu eta eztarriko minetatik, katarroetatik eta eztuletatik babes gaitzan, tradizioak dio San Blasen irudiaren aurrean bedeinkatu behar dela, lepoan jarri behar dela, 9 egunez kendu gabe, eta azkenik, kendu ondoren, erre egin behar dela.

San Blaseko beste tradizio batzuk:

Egun horretan, San Nikolas plazan bertan, elizaren ondoan, azoka bat egiten da. Horretan, kordoi ospetsuez gain, egun horretako gozoki tipikoak saltzen dira: San Blas erroskillak, San Blas opilak eta malba-gozokiak, eztarrirako horiek ere.

Gozoki tipiko horiek saltzeko eta kontsumitzeko ohitura Bizkaia osoan dago zabalduta.

San Blas egunean bada beste ospakizun ospetsu bat Bizkaian: Abadiñoko nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa eta urtero milaka bisitari biltzen dituena. Azoka hori ospakizun handia izaten da, egun bat baino gehiagokoa, eta gure tradizioetako asko biltzen ditu: nekazaritza-azoka, ganaduaren eta artisautzako produktuen azoka, kalejira, txistulariak, herri-kirolak eta idi-proba tradizionala.

Jai-giroan, saltokietan gure lurraldeko produktu guztiak erosteko aukera edukiko dugu: Barazkiak, ortuariak, gazta, txakolina, euskal pastela… San Blaseko erroskilla tipikoak ere ez dira faltako.
Eta indarberritu edo hotza kendu nahi baduzu, gure taberna- eta jatetxe-gidan aurkituko dituzu Abadiñon zerbait jan edo edateko taberna eta jatetxeak.

Ez ditzagun geure tradizioak galdu! Goza dezagun opilez, erroskillez eta malba-gozokiez!

 

Categoría: Gozatu Bizkaia, Tradizioak, Zer egin