Honezkero, San Anton zubia Bilboko zubirik zaharrena dela jakingo zenuten. Baina ezagutzen duzue haren historia, badakizue zer lotura duen Bilboren bilakaerarekin? Bilboko ikur horri buruzko bost bitxikeriaren bidez kontatuko dizuegu.

San Anton zubia edo Zubi Zaharra Bilbo hiria bera baino zaharragoa da

On Diego Lopez Harokoak hiribildua 1300an sortu aurretik, San Anton zubi bat zegoen izen bereko elizaren ondoan. Uholdeen ondorioz, zenbait aldiz berreraiki behar izan zuten. Idatziz jasota dago 1334an egurrez berreraiki zutela, eta, geroago, 1463an harriz berreraiki zutela. Hala ere, Bilboko itsasadarraren urek hondatzen jarraitu zuten.

Azkenean, 1870ean, haren ordez beste bat ipintzea erabaki zuten… Horrek bigarren bitxikeriarekin du zerikusia:

Gaur egungo San Anton zubia edo Atxuriko zubia ez dago jatorrizkoaren leku berean

Agian jakingo zenuten egungo zubia berregin zutela Gerra Zibilean leherrarazi ondoren. Hala ere, beste zubi hori ez zuten egin San Anton zubi zaharra zegoen lekuan.

Zubia uholdeen ondorioz berreraikitzeaz nekatuta zeudenez, tenpluaren beste aldean egin zuten San Anton zubi berria. Izan ere, bigarren zubia egin ondoren, bi zubiak erabili ahal izan ziren batera; hain zuzen, bigarren zubia 1877an amaitu zenetik jatorrizko zubia 1882an amaitu zen arte.

San Anton Zubia Bilboko armarrian dago

escudo-bilbao-bilboko-armarria

Mendeetan zehar, zubia ezinbestekoa izan zen Bilborentzat; hori dela eta, hiribilduaren ikur bihurtu zen.

Hainbat mendetan, zubi hori izan zen itsasadarraren bi aldeen arteko lotura-gune bakarra. Hortaz, oso garrantzitsua zen: Bilbo merkataritza-portu nagusia zen, eta, beraz, San Anton zubia derrigorrez erabili behar zen Gaztelarekin salerosketan aritzeko.

Bilboko exekuzio-lekua

XV. mendean, nobleak eta leinargiak exekutatzeko, ez ziren behe-klasekoekin erabiltzen ziren metodo berak erabiltzen; hain zuzen, putzuratu egiten zituzten: eskuak eta oinak lotuta, eta lepoan harri bat lotuta uretara botatzen zituzten.Jendetza biltzen zen exekuzio horiek ikusteko, eta leku publikorik enblematikoenean egiten ziren; hots, San Anton zubian.

Baina ikus ditzagun istorio alaienak, gaurkoagoak…

San Anton zubia Athleticen armarrian eta 2020ko Eurokopako logotipo ofizialean dago

Badago Athletic baino gauza bilbotarragorik? Ezin bestela izan eta gure zubirik zaharrena, hiribilduaren armarrian ez ezik, Athletic hiriko futbol-taldearen armarrian ere dago.

2020an, UEFA Euro 2020 futbol-txapelketako hamahiru egoitzetako bat izango da Bilbo, eta, kasualitatez, egoitza guztien logotipoak zubietan daude inspiratuta, herrien eta kulturen lotura-ikurrak baitira. Hortaz, ezinbestekoa zen San Anton zubia Bilboko historiarekin eta Athleticen irudiarekin lotzea, eta, horren ondorioz, kirol-ekitaldi garrantzitsu horren logotipo ofizialean agertzea.

logo-eurocopa-bilbao
Logo rfef: Euro 2020 Bilbao

San Anton zubiari esker, iragana, oraina eta etorkizuna batzen dira Bilbon!

Ezagutu Bizkaian ikusteko beste leku xarmagarri batzuk Disfruta Bizkaia webgunean!

Categoría: Gozatu Bizkaia, Turismoa