Bizkaiak turismo-xarma asko ditu, gustu guztietarako aukerekin.Gure lurralde historikoan, hainbat turismo-mota daude: Gastronomia-turismoa, mendi-turismoa, hondartzakoa, landakoa, hirikoa… Baina, gaur, Bilbo eta Bizkaia turismo-mapan ipini zituen turismo-motaz hitz egin nahi dizuegu: kultura- eta arte-turismoaz.
Ezin da Guggenheim efektuak Bilbon izan duen garrantzia zalantzan jarri; izan ere, funtsezkoa izan da hiriaren eraldaketarako, hiri industriala izateari utzi eta turismo- eta kultura-hiri bihurtu baita. Baina Bizkaiko museoen, erakusketa-aretoen, artearen eta kulturaren eskaintzak Guggenheim Museo ikusgarria gainditzen du.
Gure webgunean, museorik garrantzitsuenen kultura-eskaintza guztia aurkituko duzu. Esate baterako, Arte Ederren Museoak 10.000 artelan baino gehiago ditu,XIII. mendetik aurrekoak, eta arte modernoko eta garaikideko obrarik adierazgarrienak, eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, gure kostaldeko historiaren eta kulturaren berri izan dezakegu.
Gainera, beste hainbat museo daude Bizkaian, oro har ez hain ezagunak. Hala ere, merezi du haiek bisitatzea, arteaz gain gure kultura zabaltzen baitute:Euskal museoa, Bilboko Alde Zaharrean; Bakearen Museoa, Gernikan; Arrantzaleen museoa, Bermeon; Euskadiko Meatzaritza Museoa, Gallartan; eta abar.
Gainera, artea herritarrei ezagutzera emateko ekimenak ere egiten dira, besteak beste Bilbao Art District proiektu publiko-pribatua. Arte-galeriek, museoek, arte-ekoizleek, artisten lantegiek eta liburu-dendek hartzen dute parte hartan, eta askotariko jarduerak antolatzen dituzte, hala nola Arteen Asteburua (jarduerak, ate irekien jardunaldiak…).
Eta museoak gustuko ez dituzten horietako bat bazara, aire zabaleko arteaz goza dezakezu, Bilbon zehar ibiltze hutsarekin.Arreta jarri behar duzu, besterik ez, eta gure Botxoa aire zabaleko museo bat dela ohartuko zara.
Hiriko kaleetan, maila handiko artisten eskulturak daude. Txillida, Oteiza, Manolo Valdés edo Jeef Koons-en eskulturak ikusiko dituzu, edo Salvador Dalíren beraren obra bat, harena baita Euskalduna jauregiko urmaelean dantzan dagoen Terpsicore Dantzaren Musa, Bilboko itsasadarraren ondoan.
Bilboko eskulturarik ezagunenetako bat, hiriaz berba egitean gogora etortzen zaiguna, Oteizaren Esferaren desokupazioaren oboide-aldaera da, hiribilduko udaletxearen aurrean dagoena. Gainera, Manolo Valdésen Meninak derrigorrez ikusi behar dituzu; Ercilla kalean aurkituko dituzu, Bilboren erdialdean.
Horrez gain, zer esanik ez gure kaleen irudia aldatu duten hiri-altzariez edo eraikin berriez. Eta ez ahaztu AZ Zentroa ere bisitatu behar duzula. Bilbo erdialdeko kultura-gune bat da, diseinu desberdinetako 43 zutabeengatik ezaguna, diseinuzko altzariak kanpoaldera atera eta hiriko eguneroko bizitzan txertatu dituena.
Baina badaude aire zabaleko artea ikusiz gozatzeko aukera ematen duten beste leku batzuk. Horietako bat Gernika da. Han, Batzarretxearen eta Gernikako Arbolaren ondoan, Europako Herrien Parkea dago. Paseoan erlaxatzeko leku egokia da. Gainera, Chillida, Henry Moore eta beste artista batzuen eskultura ugari ikusteko parada izango dugu.
Ez izan zalantzarik, artea eta kultura gustuko baditugu, Bizkaiak asko du zuri eskaintzeko!
Eta, Bizkaian zer beste gauza ezagutu ditzakezun jakin nahi baduzu (kostaldeko herriak, barnealdeko herriak, tradizio eta jaiak, gastronomia-ibilbideak, etab.), begiratu Disfruta Bizkaia webgunean.
Utzi erantzuna