Ez dio axola kanpokoa zaren edo Botxoan bertan jaio zinen. Hainbat bazter zoragarri daude Bilbon, ikusten dituzun bakoitzean lehen aldiz iristen zarela ematen dutenak. Hiribilduaren bilakaeraren lekukoak izan direnak, eta, duela gutxiagokoak badira ere, historiako protagonistak direnak.
- Mallonako eskailerak: 311 eskailera-mailak lotzen dituzte Bilboko Alde Zaharraren bihotza, Unamuno plaza, eta Mallonako hilerria, Bilboko biriketako bat den Etxeberria parkearen ondoan. Eskailera horietatik, ikuspegi harrigarriak eta txoko zoragarriak ikusiz gozatuko dugu. Plazatik hurbilen dagoen eskailera-tartean, Bizkaiko Arkeologia Museoa dago, zentzumenetarako plazera eta historiaurrearekin zuzenean lotzen gaituen tunela, arkeologia-bilduma ezin baliotsuagoak biltzen dituena.
- Santiago plaza: Alde Zaharraren erdi-erdian, hartan elkartzen dira historia handiko zenbait kale, hala nola Harategi Zahar, Belostikale, Posta eta Dendarikale kaleak. Eta ezin dugu plazaren izen bereko estilo gotikoko eliza ahaztu; izan ere, bilbotar on orok badaki Bilbon katedral bakarra dagoela.
- Marzanako kaia: Askok Bilboko Soho esaten diote; modako leku bihurtu da.Bazter paregabea da, Erriberako Merkatura begira dagoena, igande arratsalde atsegin batean ondo pasatzeko edo lagunekin txikiteoan ibiltzeko.
- Albiako lorategiak: Albiako lorategiak hiri-paradisu bat da hiriaren erdian. Leku magikoa da, ia poetikoa. Han, ehun urtetik gorako zuhaitzak etxeen teilatuak bezain altuak dira, eta erraza da hiriko erritmo frenetikotik babestea, hiritik urrundu beharrik gabe.
- Karola: Emakume izeneko garabi hori Itsas Museoaren aurrean dago, eta Bilboko behinolako ontzigintzaren elementu nagusietako bat da. Euskalduna ontziola itxi arte erabili zuten, eta han jarraitzen du, ponpa-etxearen alboan eta Olabeaga marinel-izaera nabarmeneko auzo horren sarreran. Norvegia ere esaten diote auzoari, marinelen igarolekua baitzen eta han ontziolak zeudelako. Auzoaren izenari buruzko elezaharrari dagokionez, zenbait bertsio daude. Haietan ezagunenak dio ontziolako langileek jarri ziotela izena, Ogasunera lanera joateko itsasadarra egunero txalupan zeharkatzen zuen Deustuko emakume baten omenez; hain ederra zen, ontziolako lana eten egiten baitzen emakume hori pasatzen ikusteko.
- Artxandako behatokia: Zalantzarik gabe, hiriko ikuspegirik eder eta fotogenikoenetako bat. Leku baketsua, paseatzeko, postalen pareko argazkiak egiteko eta ehun urtetik gorako funikularrean bidaiatzeko egokia. Guggenheim Museoa, Plaza Berria eta Zazpi Kaleak ikusten dira; ikusgarria da.
Bilbon behin eta mila bider ikusteko bazterretako sei baino ez dira; gehiago daude, ordea. Botxoa leku zoragarriz beteta dago… Zeurea aurkitzera animatu nahi zaitugu!
Disfruta Bizkaia, planak, turismoa, ostatuak, eta jatetxeak webgune berean.
Categoría: Gozatu Bizkaia, Turismoa, Zer egin
Utzi erantzuna